Barbara Basoa: “Ziurgabetasun fasea gaindituta, partehartzaileen artean erronkei aurre egiteko motibazioa antzematen da”.

2014/11/05

Transcreativaren Sormen Poloak erdibidean dira. Esperientzia berriek sortzen duten ziurgabetasun fasea gaindituta, partehartzaileak buru-belarri dabiltza bi enpresek aurkeztu dizkieten erronkentzat irtenbide egokienak garatzen. Barbara Basoa tutore lanetan dabil eta berarekin hitz egin dugu orain artekoaren balorazioa jaso asmoz.

Bigarren edizioa erdibidean da. Nolako balorazioa egiten duzu?

Mota hauetako esperientziak oso erakargarriak dira. Gazteekin aritzea, eta euren balioa azaleratzeko aukera ematea oso aberasgarria da; batez ere erronka ezezagunei aurre egiteko gaitasuna daukatela ikusten dutelako. Motibazio handiarekin datoz, eta lanerako prestutasuna handia da.

Bi erronka aurkeztu zaizkie. Nola ari dira erantzuten?

Egia aitortzeko, lehendabiziko bi saioetan lekuz kanpo ikusi nituen: erronkaren arrastorik ez zuten, enpresak ez zituzten ezagutzen, lan-metodologia arrotza zitzaien… Informazio gabezia daukazunean joera hori oso ohikoa izaten da eta martxan jartzea kosta egin zaie. Lehenengo fase batean, kokatze lana egin dute. Beste modu batera esanda, erronkari aurre egiteko prestatu dira. Ariketa oso mentala da. Ondoren, erabakiak hartzen hasi dira: dokumentazio lana non eta nola hasi, egitasmoaren zirriborroa definitu… hots, erabakiak hartzen ikasi. Horretarako, ezjakintasunaren kudeaketa eta erabakiak hartzeko metodologiak landu ditugu.

Fase hori gaindituta, partehartzaileen ezagutza maila nabarmen areagotu da: enpresak ezagutu dituzte, bere ingurunearen berri jaso dute. Finean, ziurgabetasun fasea gainditu dute. Motibazioa handia da eta lan txukuna egin nahi dute. Horixe da lantaldeetan antzematen dena.

Momentu honetan, proiektuko zein fasetan zaudete?

Erronkari irtenbide egokiena emateko alternatiba ezberdinak lantzen ari  gara. Beharrezko informazio guztia jaso ondoren, sormena lantzeko momentuan gaude. Irtenbide kreatiboak diseinatzen ari gara.

Eta, irtenbide egokiak antzeman daitezke?

Momentuz ideiak baino ez dira, irtenbideak hurrengo fase batean garatuko dira. Ez da komenigarria izaten fase honen garapenean irtenbideak ematen hastea, ideia kreatiboak bidean galtzeko arriskua areagotu egiten baita, eta alternatibak proposatzeko gaitasuna murriztu egiten da. Fase honi merezi duen arreta eskaini nahi diogu; zenbat eta denbora gehiago eskaini, ideia kreatiboagoak eta berritzaileagoak sortzeko aukera biderkatu egiten da.

Bukatze aldera. Zein dira lan metodologia honek eskaintzen dituen indar-guneak? ¿Nolakoa da partehartzaileek egokitzeko erakutsi duten gaitasuna?

Eredu praktikoan du oinarria, eta gazteak ahalduntzeko bidea errazten du. Erabakiak hartzen dituzte, eta inork ez die esaten erabakia ona ala txarra den. Horregatik nioen hasiera galdu xamar ikusi nituela. Gazteak dira, ordea, eta ez dute egokitzeko zailtasunik izaten. Egokitzapena azkarra da, eta segituan hasten dira euren taldeak dinamizatzen.

Finean, Sormen Poloek egiazko erronka batean parte hartzeko aukera eskaintzen dute, beti ere alor praktikoak lehenetsiz. Oso esperientzia aberasgarria da.